XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Darabiltzaten egiturak, ordea, AS-enak eta IS-enak dira.

Oitz, horietaz gain, mintzagai-galdegai hatsarre pragmatikoez ere sarri baliatzen da, nahiz baliapen hau esaldiko hatsarre bakartzat, aroan zehar, alboratuz edo gutxituz doan.

Bestalde, darabilten egiturari, mintzagaia ere atxiki diezaiokete ezkerretara, esaldiaren aurre-aurrean agertuz.

Mintzagaiaren ezarpenaz ere bada beste gauza interesgarririk: mintzagaiaren egongunea mendeko NZ-esaldietan.

Mintzagaiaren egongunea, NZ-esaldi bakunetan, NZ-hitzaren aurre-aurrea den bitartean, mendeko NZ-esaldietan, aditz nagusiaren aurre-aurrean ere egon daiteke, Mikelen ekoizpenean behintzat.

Hona hemen adibidea:

(606) be(s)tie ez daki(t) nun da(n) (M. 2;00;22)

4.3.14. Laburbilketa

Hau guztiau ikusirik, badirudi hirugarren aro honetan erabiltzen dituzten zenbait gramatika-ezaugarri berri INFL funtzio-kategoriari dagozkiola, hala nola, adizkien bidez isladatzen den subjektuarekiko pertsona-komunztadura.

Nolanahi ere, azpimarragarria da INFL funtzio-kategoriaren beste hainbat gramatika-ezaugarri ez dituztela haurrek hirugarren aro honen hasieran erabiltzen, hala nola, adizkien bidez isladatzen diren osagarri zuzenarekiko pertsona-komunztadura, zehar-osagarriarekiko pertsona-komunztadura, aditz-denbora eta aditz-modua.

KONP funtzio-kategoriaren konplementagailurik edo berari dagokion egiturarik, ostera, oraindik ez darabilte haurrek hirugarren aro honetan.

Hirugarren aro honetako datuek, haatik, baieztatu egiten dute hasierako hipotesi nagusia, hots, jabekuntza edo erabilera ez dela bapatekoa, mailakatua baino, eta mailakatze honek ordena zehatz eta jakina duela, hots, perpausaren egitura hierarkikoarena, KONP funtzio-kategoria oraingoz ez darabiltenean INFL funtzio-kategoria baitarabilte.

Mailakatzearen hipotesia gainera, ez da soilik sintagma ezberdinen arteko jabekuntzan edo erabileran gertatzen, ezpada kategoria beraren ezaugarri ezberdinen artean ere.

Fenomeno hau argi ikus dezakegu INFL funtzio-kategoriaren erabileran, subjektuarekiko pertsona-komunztadura zehar-osagarriarekiko pertsona-komunztadura eta osagarri zuzenarekikoa pertsona-komunztadura edo aditz-denbora eta aditz-modua baino lehenago agertzen baita.